Feminismoaren ildo teorikoa, aldarrikatzen duena, besteak beste, emakumeek gizonen eskubide eta aukera berak izan behar dituztela. Helburu horiek lortzeko, korronte honen ustez ezinbestekoa da berdintasun formala edo legezkoa bermatzeaz gain kontratu sozial berri bat ezartzea.
Berdintasunaren feminismoaren eta diferentziaren feminismoaren arteko kontrakotasuna 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadaren hasieran sendotu zen. Eztabaida hori bereziki garrantzitsua izan zen Europa kontinentalean, batez ere Frantzian eta Italian; mundu anglosaxoian, berdintasunaren ikuspegia zen hedatuena. Garai hartan, feminismoaren barruko eztabaida nagusietako bat zen ebaztea zer ikuspegitatik heldu behar zitzaien feminismoaren helburuei, hau da, gizonekiko berdintasunarekin lotu behar ziren ala emakumeen eta gizonen arteko nortasun-diferentziei erreparatu behar zitzaien, baldin eta halakorik balego. Gaur egun, onartzen da bi ikuspegi horiek ez daudela nahitaez kontrajarriak, askotan elkarren aurkakotzat agertzen badira ere.